Ikasleek ezagutza matematikoa nola eraikitzen duten aztertuz, matematikak bizitza errealeko beharrei irtenbidea emateko duen funtzioa identifikatzen, ulertzen eta erabiltzen laguntzeko lehen urratsak eman dira Lehen Hezkuntzako 1. zikloan azken urteotan, material manipulatibo anitzak erabiliz. 2020-2021 ikasturtean, jauzi berri bat eman nahi izan da ikastolan. Ikasle guztien Konpetentzia Matematikoaren garapen esanguratsua helburu, Lehen Hezkuntzako goi zikloan ere material manipulatiboaren erabilgarritasuna aztertu eta programazioan txertatzeko lanean dihardugu.
Ikasle guztiek behar ezberdinak dituzte eta matematikaren esparrua oso abstraktua da hainbat ikaslerentzat. Hau honela, garrantzitsua da matematikei gaur egun arte eman zaien ikuspegia aldatu eta matematikak liburuetatik eskuetara ateratzea. Matematika manipulatiboaren helburua ez da manipulatzeagatik manipulatzea, baizik eta kontzeptuak hobeto ulertzeko erabiltzea; gero iritsiko da paperera pasatzea. Ikasleek matematikak gertuago sentitzea, berauekin jolastea eta manipulazioa bide gisa erabiliz kontzeptuak barneratzea da helburua. Esparru honek eskatzen duen abstrakzio mailara iristeko ikasleari bide desberdinak eskaintzean dago gakoa, material manipulatiboa eskura izanik, aukerak zabalduz, bakoitzak bere erremintak aukeratuz, norbere beharrei erantzuteko aukera emanez hain zuzen ere.
Alde batetik, funtsezkoa da haurraren errealitatea ezagutzea eta kontuan hartzea. Ikasketa esanguratsua egin nahi bada, une horretan ikasleen intereseko gai batekin lotuta egon beharko du proiektuak, helburuak lorgarriagoak eta eskuragarriagoak (manipulatuz jarduteak) egiteak, ikaslearen motibazioa mobilizatzea ekarriko duelako, matematikekiko ikuspuntua eta jarrera baikorrago eginik.
2020-2021 ikasturtean, jauzi berri bat eman nahi izan da ikastolan. Ikasle guztien Konpetentzia Matematikoaren garapen esanguratsua helburu, Lehen Hezkuntzako goi zikloan ere material manipulatiboaren erabilgarritasuna aztertu eta programazioan txertatzeko lanean dihardugu. Egun dugun ikas materialean proposatzen diren eduki eta konpetentzien ulergarritasuna bermatzeko bide gisa planifikatzen ari da material manipulatibo anitzen erabilera. Ikasleek era atsegin eta erakargarri batean, esperimentazio manipulatibo zehatzean eraikitzen dituzten ezagutzak maila abstraktu batera (adierazpen matematikoetara) eramateko ibilbidean lagunduko ditugu, beraien erritmo eta beharretara egokitutako proposamen didaktiko berritzaileekin.