Esperientzia bat hori bera bizi berri duen pertsona batengandik ezagutzeak laguntzen du egunerokoan erabakiak hartzeko orduan. Hori aintzat hartuta, ikastolan amaitu eta urrats berria egin behar duten ikasleak laguntzeko asmoz, urtarrilaren 29an, Gorka Aizpurua, Kepa Garcia, Markel Bengoetxea, Larraitz Fagundez, Izaro Fagundez, Ziortza Fajardo eta Maren Uriarte Armentia Ikastolako ikasle ohiak izan genituen 4DBHn orientatzaile lanetan.
Etapa amaiera den ikasturte honetan datorren urtera begira hartu beharreko erabakien inguruko orientazioa lantzen ari dira tutoretzan. Ikastolara etorritako ikasle ohiek beraien ibilbide akademikoa kontatu zieten ikasleei eta hauek egindako ikasketen inguruko galderak egiteko aukera izan zuten.
Izaera desberdineko galderak egin zizkieten. Horietatik batzuk zehatzak, ikasketa batzuk non egin daitezkeen, lan handia eskatzen ote duen... Nola erabaki zein ikasketa hautatu izaten da garai honetan sortzen den buruhaustea askorentzat eta horri buruz ere aritu ziren. Aisialdirako, eskolaz kanpoko ekintzetarako tarterik izango ote duten batxilergoan jakin nahi izan zuten batzuek. Lanbide heziketaren inguruko hainbat kezka ere argitu zituzten solasaldian. Eta nola ez, selektibitatea zaila den ere jakin nahi izan zuten.
Solasaldia ederra izan zela uste dute tutoreek eta ziur daude ikasle ohien esperientziek asko lagundu dietela gure ikasleei.