Ardura hartuta, bere lehenengo erronka, “Arabako Ikastolak eta euren Kontseilu Errektoreak hobeto ezagutzea dut helburu. Horretarako, Ikastolaz ikastola bisitak egingo ditugu elkar hobeto ezagutu eta bakoitzaren beharren berri gertutik izateko. Bestetik, datorren urteko Araba Euskaraz (Laudiori dagokio) nola antolatu erabaki behar dugu; gaur egungo egoerarekin ezingo dugu ohiko festa egin, beraz, gure sormena lanean jarri eta irtenbide egokiren bat asmatu beharko dugu”, azaldu digu Liher Larreak.
Arabako Ikastolen Lurralde Batzarra zortzi ikastolek osatzen dute, eta horietatik hiruk ordezkatzen dute Araba Euskal Herriko Ikastolen elkartean: Araba Errioxako batek, Lautadako beste batek eta Aiaraldeko hirugarren batek. Amurrioko Aitor Garate izan da azken urte honetan Arabako Ikastolen lehendakaria, baina aurten, Aresketa ikastolak Laudioko Ikastolari utzi dionez lekua lehendakari berria izendatu behar izan da.
Laudio, ASSA eta Armentia Ikastoletako ordezkarien artean egin behar zen hautaketa. Hautagaien egoerak aztertuta hautagai izateko egokiena Armentiako ordezkaria zela ikusita, horixe proposatu zen azaroaren 2an egindako batzarrean. Ikastola guztien oniritziarekin aukeratu dute Larrea Arabako Ikastolek euren ordezkari.
Ardura betetzeak denbora inbertitzea eskatuko diola ziur da Larrea, baina. “Arabako Ikastolok elkarrekin lan egitea bultzatu nahiko nuke, eta horrek gure komunitatea ondo ezagutzea eskatzen du; ez bakarrik taldea osatzeko, baita Ikastolen Elkartera arabarron ahotsa eramateko ere. Gaiak landu eta jendearekin harremanetan jartzeak dedikazioa eskatzen du. Dedikazioa, pazientzia eta lanerako gogoa. Ez da erraza izango, baina ahalegina behintzat egingo dugu!”