Duela urte bat, Armentia ikastolako zuzendaria Irlandako Corcaigh hirian egon zen Gaeloideachas erakundeak gonbidatuta. Bertan antolatutako jardunaldian, gure ikastolaren Hizkuntza Proiektua aurkeztu zuen.
Jardunaldi haietan An Chomhairle um Oideachas Gaeltachta agus Gaelscolaíochta (COGG) erakundeko hainbat ordezkari izan ziren. Aipatu erakundea Irlandako aholku-kontseilu ofiziala da, gaelerazko eta Gaeltacht (gaeleraz hitz egiten den eskualdeetako) hezkuntza babesteaz eta sustatzeaz arduratzen dena.
Egunotan bertako ordezkari Conchubhar Mac Ghloinn Bigarren Hezkuntzako Hezkuntza Ofiziala (Post-Primary Education Officer), eta bereziki Gaelerazko Murgiltze Ereduen Politikan aditu Euskal Herrian izan da, eta iaz gure zuzendariak bertan aurkeztutako hizkuntza-proiektua beren beregi ezagutu nahi izan du ikastolan.
Gauzak horrela, Haur Hezkuntzan garatzen ari garen Jolasean Solas, Lehen Hezkuntzan indarrean ditugun programak, Bigarren Hezkuntzan euskal kulturari ematen zaion garrantzia edota ikasleen zein gurasoen euskara batzordeak… Armentia ikastolak euskararekin duen konpromisoa eta gure ikasleak euskaldun aktibo izan daitezen garatzen dugun guztiaren berri helarazi diogu.
Pozik joan da Conchubhar ikastolatik, ohar asko hartuta. Espero dezagun, beraz, gurean izandako bisitak haien eremuan irlanderari bultzada emateko balio dakien.
Go raibh maith agat