
Otsailaren 27an, ostegunarekin, egin zen Armentia Ikastolako Ohiko Batzar Nagusia, eta bertan kooperatibako hainbat ordezkari bildu ziren, bai bazkide erabiltzaile edo familiak, bai eta lan bazkideak ere.
Ohiko Batzar Orokorretan egin ohi den moduan, 2023-2024 ikasturteko kontuak onartu ziren, bai eta 2024-2025 urteko aurrekontua ere. Horiek guztiak aho batez onartu ziren.
Bestalde, eta antolaketari dagokionez, Kontseilu Errektorea berritu zen. Horrela, azken urteotan Kontseilu Errektorean egondako Eider Olabe eta Leire Zuzuela bazkide erabiltzaileek eta Ander González de Matauko lan-bazkideak haien ordezkaritza utzi eta beste hiru kide sartu dira; Irune Ormazabal Elizegi lan-bazkideen aldetik eta Alvaro Beraiz Fernández de Bengoetxea eta Rikardo Otxoa Ruiz. Berandu baino lehen jasoko dugu haien elkarrizketa ARMENTIBERRIn. Bestalde, Unai Mendizabalek eta Didier Espinak, bazkide erabiltzailea eta lan-bazkidea hurrenez hurren, beste laur urtez jarraituko dute bertan.
Kontu horietaz gain, zenbait informazio partekatu zen kooperatibistekin. Horrela, Armentia Ikastola Euskal Herriko gainerako ikastolekin jorratzen ari den Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra zertan datzan azaldu zen. Bestetik, 2023-2024ko Unibertsitate Sarbide Ebaluazioan Armentiako ikasleen emaitzak zein izan diren azaldu ziren. Horretaz gain, 2025-2026 urteari begira izandako aurrematrikulazio-datuak ere hizpide izan ziren. Azkenik, nola ez, 2025eko Araba Euskarazen aurkezpena egin zen, eta horrekin batera laster abiatuko den Master Series txapelketa.
Ohiko moduan, giro onean egin zen Batzarra, eta informazioa partekatzeko ez ezik, bazkideen arteko harremanak sendotzeko ere balio izan zuen.