Otsailaren 26an, ikastolok heldu den ekainaren 22an ospatuko dugun VII. Batzarraren prozesua aurkeztu genuen. Batzarrean, hurrengo zortzi-hamar urteetan ikastolen mugimenduak egingo dituen urratsak eta ezarriko dituen mugarriak erabakiko dira. Batzarrari begira orain arte egin diren urratsak, ikastoletan hasiko den eztabaida prozesua, helburuak eta konpromisoak azaldu genituen. Bertan, Armentia Ikastolako ordezkaritza ere izan zen.
Azken asteotan aurreratu bezala, urratsa garrantzitsua egingo dugu Euskal Herrik 114 ikastolok ekainean. Izan ere, gure bide-orria zein den aurkeztu ahal izango dugu. Horrexegatik Euskal Herriko Ikastoletako Artezkaritzako ordezkariak, langileak, lurralde guztietako zuzendariak, gurasoak eta ikasleak batu ginen Pasaiako Albaolan gure mugimenduaren handitasuna ez ezik, prozesuaren beraren garrantzia erakustera,
Albaola toki sinbolikoa aukeratu genuen, han egiten duten bezalaxe, ikastolok ere itsasontzia eraberritzeko, eguneratzeko beharra dugulako, hurrengo bidaiari, zortzi-hamar urtekoari, sendotasunez eta trinkotasunez ekiteko. Sarez inguratuta egon ginen, geuk ere gure sarea ehuntzen jarraitu nahi dugulako, gure erakundetzeari begira bezala, geure arteko eta hezkuntzan, euskalgintzan eta euskal kulturgintzan ditugun harremanak ere sendotu nahi ditugulako.
Ikastolok ibilbide luzea eta esperientzia handia dugulako saregintzan eta herrigintzan. Helburu zehatz batzuekin sortu ziren Ikastolak eta helburu horiek berak eta berriak ditugu ipar. Ikastolen mugimenduak jendarteak eta errealitate desberdinek ezarritako erronka eta egoerei erantzuten jakin du hamarkada guzti hauetan. Askotan enbata eta ekaitzei aurre eginez baina jakin izan dugu taldean, denak norabide berean, arraun egiten. Eta horrek ekarri gaitu gaurdaino.
Orain denok elkarrekin etorkizuna marraztuko dugu, eta Armentia ikastolan ere aukera izango dugu guztion artean. Laster izango duzue Armentian egingo dugun prozesuaren berri, halere, gorde ezazue martxoaren 18ko arratsaldea agendan.