EHI bidez
Bi urte dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistema osoa arautuko duen lege berri bat lantzen hasi zela Hezkuntza Saila. Ikastolen Elkartearentzat berri pozgarria izan zen hezkuntza sistema osoa arautuko zuen legea izango genuela jakiteak, izan ere lehenengo aldiz Hezkuntza Sistema osoa arautzeko Legea proposatzen baita (93ko Legeak sistema Publikoa bakarrik arautzen baitzuen).
Legearen lanketa horretan, Ikastolen Elkarteak parte-hartze aktiboa izan du, “halako erronka bati arduraz erantzun behar zaiola” uste baitute, eta “ezinbestekoa” iruditzen zaielako eragileen ekarpenak egitea eta. Legearen eztabaida azken fasean sartuta, ezagutu ditugu alderdi politikoek erregistratu dituzten ekarpenak. Ikastolek, alderdien ekarpen-emendakinak lau ardatzetatik baloratuko dituzte, ikastolentzako Lege honetan lau eztabaida nagusi baitaude:
- Euskara, euskal kultura eta euskal curriculuma: zuzenketetan atzerapausoak eman dira, hizkuntza ereduei eta eredu erkide eleaniztunari dagokienez.
- Gobernantza eredua: publiko-pribatu dikotomia gainditzeko erresistentziak daude, eta lege berri honek ausartagoa izan behar du. Begi onez ikusten dute Ikastolen eredu kooperatiboa aintzat hartzea eta kooperatiben izaera juridikoa jasotzea.
- Euskal Herria bere osotasunean ahalbideratzeko politikak: egokia ikusi dute euskara eta euskal kultura partekatzen duten EAEtik kanpoko ikastetxeen arteko harremanak eta lankidetza sustatzea. Euskal Herri osoan hezkuntza-sistema propioa eraikitzeko aukera ematen du.
- Segregazioaren aurkako politika eta doakotasunerako politikak: berretsi dute segregazioaren aurka egiten den proposamen eta helburuarekin eta doakotasun printzipio eta helburuarekin bat datozela, baina badira zenbait zuzenketa proposamen kontraesankorrak direnak.
Prentsa oharra osorik atxikita duzue, elebitan, beherago.