Skip to main content

Amaia eta Raul, ikastolako gurasoak | “Euskara ez jakinda ere, ikasketa-prozesuan seme-alaben ondoan izan gaitezke"

2023/09/28
Irudia
P1140676edit.jpg

Amaia eta Raul ikastolako gurasoak ditugu. Gasteiztarrak izan arren, ama-hizkuntza gaztelania dute. Hala ere, bere semeak (Samuel eta Yago) euskalduntzeko hautua egin eta Armentia ikastolan sartu zituzten. Biak ikastolako ikasleak dira egun; nagusia Batxilergoko azken mailan dago, eta bigarrena, DBH 2n.

Zergatik erabaki zenuten ikastolara ekartzea?

Raul: Argi genuen lehenengo aukera bezala zegoela euskaraz ikastea.

Amaia: Elebitasunaren kontua zen gure lehentasuna, eta gaia ondo aztertu genuen; horri buruzko hitzaldi batera joan ginen, eta nik Rauli esaten nion elebidunak izatea nahi bagenuen, ikastolara joan behar zirela, gutxienez. Azken finean, Gasteizen gaztelania ziurtatua duzu, beraz, gutxienekoa ikusi genuen ikastola batera joatea; eta Armentia aukeratu genuen sartu zen jendea ezagutzen genuelako.

Nolakoak izan ziren hasierako urteak?

A.: Eremu euskaldun batekoa ez zarenean, jendeak esaten dizu: “Ikastola batera eramango duzu? Nik ez ditut eramango ezin diedalako etxerako lanekin lagundu”. Zentzu horretan, nik ulertzen dut parte akademikoa ikastolak egiten duela, eta gu gurasoak besterik ez garela, beraz, ez nuen kezka hori izan. Gure kasuan, ikastolak egiten duen lanarekin nahikoa izan da, eta ez diegu lagundu behar izan. Egia da gure umeek hasieratik ikusi dutela ikastola bigarren etxe gisa, orduan ikastolatik datorkien guztia ondo ikusi dute eta gustora aritzen dira. Egin dugun gauza bakarra animatzea izan da.

Biek euskaltzaletasuna garatu dute (Bertsolaritzan eta Euskara Batzordean parte hartzen dute, besteak beste). Etxetik zerbait jaso al dute? Nondik atera dute horrelakoetan parte hartzeko grina?

A: Guraso guztiek bezala, Pirritx eta Porrotx asko irentsi dugu, kar, kar. Gure kasuan, euskara ulertzen dugu, euskaltegian aritu ginelako, baina erabiltzeko ohitura erabat galdu genuen, baita etxean ere. Hala ere, beti nabarmendu diegu bi hizkuntzak erabiltzeagatik duten zortea, eta haiek argi dute hori. Horrez gain, gauzak egitera animatu ditugu eta haiekin izan gara. Bertsolaritzan, adibidez, batzuetan ez ditugu bertsoak ulertzen, baina hor gaude, lehenengo ilaran eta oso harro, gainera, ama hizkuntza izan gabe asko menderatzen dutelako. Dena dela, ikastolaren lana da, bereziki; oso pozik daude.

Eta horrek ere gure hizkuntzarekiko jarreran eragina du, ezta?

A.: Txikitatik oso jarrera positiboa hartu dute euskararekiko. Oso argi dute, eta orain, ahal duten guztietan euskaraz egiten saiatzen dira. Esaterako, ikastolatik kanpo aritzen den taldeetan begirale euskaldun batekin topatzen direnean, oso pozik datoz etxera. “Ze guai, ama”, esaten didate.

Bere adinekoek ere eredu berdina jarraitzen dute?

R.: Samueli pena ematen dio bere ikasturteko jende askok ikastolan euskaraz ez hitz egitea.

A.: Azken urteetako guraso-bileretan nabarmendu dute azkenaldian ikastola barruan geroz eta gaztelania gehiago entzuten ari direla. Samueli, bereziki, honek kezka sorrarazten dio, berak bizi izan zuelako ikastolan euskara besterik entzuten ez zen garaia, eta orain ez da hori gertatzen ari. Lagunek ez dute euskara erabili nahi, eta horrek mintzen du, harentzat hemen euskaraz harremantzea oinarrizkoena delako. Azken finean, euskara garrantzitsua da haientzat, eta argi dute erabiltzen ez badute galduko dela, ikastolak hori erakutsi dielako. Guretzat ere hala da.

Ikastolak, beraz, bide horretan murgildu ditu.

A.: Nolabait esateko, Armentiak lehenengo bultzada eman die; hemen oinarriak hartu dituzte, gustatu zaie eta aurrera egin dute. Oso gustora daude. Bere irakasleekin kontzertuetan edo bertso saioetan bezalako giroetan topatzea ere asko laguntzen du.

R.: Batez ere Samuel oso sartuta dago giroan, eta Yagok pausuak jarraitzen dizkio.

A.: Inertziagatik, beharbada. Esaterako, Samuel Euskarabenturan izan da aurten. Azken momentuan eman zuen izena, eta sekulako esperientzia izan da harentzat. Pentsa, hilabete oso bat euskaraz egiten, Euskal Herri osoko gazteekin, euskalki ezberdinetan… Poz-pozik dago. Eta txikiak ere berdina egingo du.

Zuek nola bizi duzue jarrera hori?

A.: Nik ikastolan ez dut gehiago parte hartzen bereziki euskara maila ez dudalako oso altua, eta ez naiz oso seguru sentitzen. Orduan, guretzat ezinbestekoa eta gutxienez egin dezakeguna laguntzea da, haiekin egotea. Bizipenak partekatzeko aukera izan dezatela. Niretzat zorte bat da behintzat bi hizkuntza [euskara/gaztelania] menperatzea; aurrerago beste hizkuntza batzuk ikasi nahi badituzte, bikain, baina hauek gutxienez naturaltasunez erabiltzeko gai dira. Oso barneratuta dituzte.

R.: Egia da ekintza ez dutela hizkuntzaren arabera aukeratzen. Interesgarria suertatzen bazaie, berdin dio euskaraz edo gaztelaniaz den, izena emango dute probatu nahi dutelako, eta guk horretara animatzen ditugu.

A.: Hori da. Ikastolan eskaintzen dietenarekin oso gustora daude, eta guretzat hori da garrantzitsuena. Nik uste zentroarekin gustora bazaude, datorren guztia oso positiboa dela.

Eta zer jasotzen duzue bueltan?

A.: Askotan, paperen bat betetzerako orduan, esaten didate: “Ama, bete ezazu euskaraz, mailak horretarako ere ematen dizula”. Eta arrazoia du, gurutze pare bat jartzeko euskararen aldean egin dezaket, gutxienekoa da.

R.: Ezetz dio, baina uste duena baino maila altuagoa du, kar, kar.

Gasteiztarron koplexua ote… Zer esango zeniekete familia erdaldunei?

R.: Ez daudela derrigortuta, noski, baina gutxienez normalizatu dezatela bestelako ekintza edo kirolekin bezala, euskararekin zerikusia dutenak ere seme-alabekin batera bizi ditzaketela. 

A.: Hori da; ahal duten heinean, bere haurren ikasketa-prozesuan laguntzea, haiekin egon daitezela. Bestalde, niretzat zorte bat dela euskara ikastea; azken finean, txikitatik bizi dute, eta ordutik barneratuko dute. Ez duzu ezer berezirik egin behar. Azkenik, Gasteizen bizi garela, Euskal Herrian; gure hizkuntza hori dugu eta gure hizkuntzan bizi gaitezke.

 

Azken albisteak

2024-11-22
Bilera egingo dugu datorren astean. Anima zaitez!
2024-11-22
“Txikiak” eta “handiak” euskaraz aritzeko elkarren erreferente bihurtzeko lanean ari gara. LHko eta BATXIko taldeen txanda izan da aste honetan.
2024-11-22
Besteak beste, Italian, Afrikan, Ozeanian eta Hego Amerikan izan dira.
2024-11-21
2003tik, Zuberoako Ikastoletako guraso eta Euskal Herriko hainbat gunetako laguntzaileek, Eguberrietan, tokiko ekoizle txikien ekoizpenez osaturiko sas