Skip to main content

Euskara, lagun, edonon

Familiak gure seme-alabek duten erreferente handia gara, batez ere hizkuntzen transmisioari eta erabilerari dagokionez. Haiekin hitz egiten dugu egunero, gosaria hartzen duten bitartean edo, afalostean, ipuinak kontatzen dizkiegunean, besteak beste. Horregatik, euskaraz bizi daitezen asko egin dezakegu, gure maila edozein dela ere.

Horretan trebatzeko, eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, hainbat guraso elkarterekin batera, Eskolan, kalean eta etxean, euskara lagun gurasoentzako gida aurkeztu dute. 1-10 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiak euskalduntze prozesuan laguntzea du helburu.

Eguneroko zalantzak eta kezkak argitzeko oso lagungarria izango den liburuxka prestatu dute, aholku eta jarraibideekin, normalean familietan sortzen diren egoeretan nola jokatu jakiteko. Gainera, seme-alabei mesede egingo dioten jardunbide egokiak eta erronkak ere bildu dituzte gida honetan, eta baita abestiak, ipuinak, ikus-entzunezko materialak, jolasak eta dekalogo bat ere.

Ikastolan, dagoeneko LHko 1. zikloan banatu ditugu, eta lerro hauen azpian txertatuta aurkituko duzue gida, pdf formatuan, eskura izan dezazuen. Guri dagokigunez, gida honen balioa eta garrantzia nabarmendu nahi izan dugu, eta gurasoei gehiago gerturatze aldera, liburuxkaren edukiak azaltzeko hitzaldiak antolatuko ditugu maiatzean.

Azken albisteak

Ikasturteko lehen hiruhilekoari amaiera emateko, DBH3ko Frantseseko ikasleek bisita berezia izan zuten, oporrak hartu eta pare bat egun lehenago:
Neguko opor zoriontsuak pasa ezazue.
Ikastolako ikasleengan euskarazko liburuen irakurzaletasuna sustatzea du helburu JUUL kanpainak.
LHko txikiek ipuin ezberdinak entzun dituzte LHko ikasle nagusiengandik.