Skip to main content

Armentia Ikastola Arabako Bertso Kuadrilla Artekoan arituko da urtarrilaren 27an

Bertsolaritzak indar handia hartu du azken urteetan Araban, eta baita gure ikastolan ere. Guri dagokigunez, Bertxilika bertso-eskola dugu mundu horretan sakontzeko tresna gisa, eta, apaltasunez baina harro, esan dezakegu gure lurraldeko bertsolaritzan garrantzia duela. Izan ere, gure etxeko ikasle askok (guztiak ez esatearren) eskolarteko txapelketetan parte hartu dute, eta baita Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketara iristeko aukera izan ere.

Baina dominak aparte utzita, datorren astean, Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketaren zazpigarren edizioa abiatuko da. Taldekako egitasmoa da, bi urtean behin egiten dena eta Arabako bertsolaritzak urteetan eraikitzen joan den mugimendua saretu eta indartzeko helburua duena.

Esan bezala, taldekako txapelketa da kuadrilla artekoa, eta bi modalitate daude: bat-batekoa eta idatzizkoa. Bertxilika azken honetan arituko da, eta taldekideek bertsoak prestatu, idatzi eta jende aurrean edo jendearekin batera kantatuko dituzte. Parte hartu ahal izateko, taldea osatu eta, bertsolariez gain, kronista, argazkilaria, sukaldaria, gai jartzailea eta epaileak izendatu behar izan dituzte. Horretan arituko dira, hortaz, ikasleak eta ikasle izandakoak.

Hitzordua urtarrilaren 27a izango da, ostirala, 20:00etan ikastolan. Afaria ere izango da (12 euro, 8 euro langabetuek), eta izena eman beharko da asteazkena baino lehen, 610 998 102 telefonoan. 

Ekitaldi honetara gehitzen zaio ikastolako Euskara Batzordeak antolatutako idatzizko txapelketa, LH eta DBH-BATXIkoei zuzendua. Parte hartzeko azken eguna urtarrilaren 25a izango da.

Datorren osteguneko hitzorduaz gain, Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa martxoaren 25era bitarte luzatuko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, bertsozale.eus webgunean topatuko duzue.

Azken albisteak

"Udako oporrak usaindu ez ezik, ukitu ere egin ditzakegu, eta horrek ondorio batera narama: nola daiteke ekainak 20 izatea, ikasturtea hasiera duela aste batzuk izan bazela iruditu arren?"
Eskolaz Kanpoko Ekintzen bi kiroletan izan ditugu saridunak.
LEGOk aukera pila bat ematen ditu objektuak sortzeko. Oraingoan, LH6koek pila bidezko ibilgailuak sortu dituzte.
Saria jasotzeaz gain, beste igarkizun bat bota dio publikoari.