Ofizialki, Euskaraldiak 16 urtetik gorako pertsonei soilik uzten die ariketa sozialean parte hartzen. Baina, zer gertatzen da adin horretatik beherako gazteekin? Gure ikastolako Euskara Batzordeko kide diren DBH eta BATXIko ikasle batzuk kritiko agertu dira ariketaren baldintza horrekin, eta Euskaraldi alternatiboa prestatzea erabaki dute. Hegoi Amabizka (BATXI), Izaro Larrea Ugarte (DBH 2) eta Naroa Calderon (DBH 2) batzordeko kideak dira, eta horretan ibili dira azken egunetan.
Ikastolako betiko ikasleak dira, eta haien artean euskaraz dihardute egunero. Hori dela eta, Euskara Batzordean parte hartzeko hautua egin zuten; Amabizkaren kasuan, gure hizkuntzak ikastolan duen egoeraz jabetuta: “Ikasleen artean euskara ez da erabiltzen, galdu dira lehen zeuden erabilera esparruak. Euskarak ikastolan bultzada bat behar zuela ikusi nuelako nago batzordean, garai batean zuen egoerara itzultzeko”. Larreak eta Calderonek, berriz, erabilerari egin diote erreferentzia: “Gure artean eta beste askorekin txikitatik euskaraz egin dugu, eta hau da (batzordea) eman diguten aukera euskararekin tarte bat izateko”.
Ikustekoa da, nahiz eta Euskaraldian parte hartzeko adina ez bete, gure hizkuntzari eta haren erabilerari ematen dioten garrantzia handia dela. Hain zuzen ere, Amabizkaren arabera, hori da ekimen alternatiboa antolatzearen arrazoi nagusia: “Euskaraldi ofizialean parte hartzeko, 16 urte izan behar dira, baina ikastola honetan ikusi dugu DBHtik aurrera badagoela jendea kontzientzia sozial nahikoa duena esperimentu honetan parte hartzeko. Horregatik, aukera eman nahi diegu”.
Parte hartzea ez da zaila izan, Larrearen arabera: “Gela bakoitzean orri bat jarri dugu, eta nahi zuenak izena eman zezakeen”. Modu horren bidez, errazagoa ikusi dute ikasleak anima daitezen. Amabizkak adierazi duenez, “prozesu garden eta bisuala izatea nahi genuen, jendeak ikusteko gelakideak parte hartzen badute, haiek ere parte hartzeko aukera dutela”.
Euskaraldi ofizialaren helburuari jarraituz, erabilera esparru berriak sortu nahi dituzte, ikastolan euskararen egoera hobetze aldera: “Jendeari urte osoko konpromisoa eskatzen badiozu, ziurrenik ez du beteko. Baina, edonor, 11 egun hauetan, orain arte gure hizkuntzan aritu ez den norbaitekin euskaraz hasten bada, beharbada, Euskaralditik kanpo ere horri helduko dio”.
Horrez gain, launa txapa aurkeztu dituzte, Ahobizi eta Belarriprest rolekin, eta horien artean onena aukeratzeko lehiaketa bat antolatu dute. Hain zuzen ere, esperimentu ofizialaren profilak mantentzea erabaki dute “ez baita gehiago gaitasunen arabera, baizik eta hartuko den konpromisoaren arabera”.
Hau da, ikasleek ere ikusi dute, ariketa sozial nagusian bezala, jende guztiarekin 11 egunez euskaraz egin nahi ez duen norbait egon daitekeela, eta Belarriprest rolaren baitan, hari gazteleraz erantzuteko eskubidea izango duela. Izan ere, Amabizkaren hitzetan, “entzuten eta entzun nahi duzula esaten ere ikasi egiten da”.