Gasteizek -eta gasteiztarrok- beti izan omen du “erdaldunaren” ospea. Egun, ospe horrek jarraitzen badu ere, indarra galtzen ari dela esan dezakegu, ikerketa sozilinguistikoak erakutsi duenaren arabera. Izan ere, euskararen erabilerari erreparatuz, Donostiaren atzetik dago gure hiria, hiriburuetan bigarrena. Betidanik izan dira euskaldunak Gasteizen, bai gure hizkuntza ezagutzen dutenak bai erabiltzeko ohitura dutenak. Kontua da askok ez zutela elkar ezagutzen.
Gasteiztar euskaldun horiek identifikatu eta saretzeko beharra ikusita, GEU elkartea sortzeko erabakia hartu zuten, 1992an. Oso modu inprobisatuan izan zela kontatzen du Nefer Olaizola elkarteko Komunikazio Arduradunak: “Magisteritza eskolako euskaldun talde txiki batek afari-bilera bat antolatu zuen, eta bakoitzak ezagutzen zituen euskaldunak gonbidatu zituen”. Uste baino jende gehiago elkartu eta GEL Geroa Elkarrekin Lantzen jaio zen. Beranduago hartuko zuen elkarteak GEUren izena. Elkartearen sorrerarekin batera, aldizkaria jarri zuten martxan: “Elkartea aurrera eramateko erreminta zen, azken finean; komunikatzeko modu bat, euskaldunak identifikatzeko”. Aldizkaria 17 urtez jarraitu zuen martxan, baina, 2009ko krisi garaian desagertu zen, eta elkarteak indarra hartu zuen.
Ordutik, elkarlanean oinarrituta, hainbat eta hainbat proiektu eta ekimen aurrera eraman dituzte: Mintzalaguna, GEUrekin mendira, Igandeak Jai… Azaitz Unanue elkarteko kidearen arabera, kulturatik abiatu eta beste alorretara zabaldu dira azkenean: “Ikusi dugu euskararen sustapenak alor asko dituela eskua artean, eta batzuk oso estrategikoak direla Gasteiz bezalako hiri batean: kultura, aisia, erabilera, aktibazioa…”. Gurasoen elkarteekiko harremanari dagokionez, kulturan jartzen dute fokua: “Haiekin dugun elkarlanak sekulako garrantzia du, esaterako, Igandeak Jai ekimenerako, zein hezitzaileen formazioetan eta guraso eta familientzako aisialdiko tailerretan”.
Horrela, hiru hamarkada eman dituzte, eta lan hori ikusgarri egin dute urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekintzetan. Batetik, Geure euskararen historia 1992-2022 erakusketa prestatu dute Montehermoso Jauregiko Jovellanos aretoan, urriaren 30era bitartean. Bestetik, urriaren 1ean, larunbatean, egun osoko egitaraua izango da: ibilaldia, ikuskizunak, dastatzeak, herri bazkaria, kalejira eta ZETAK taldearen kontzertua.
Ospakizunaren helburua intergenerazionala eta anitza izatea da, Unanuek dioen bezala, “GEUk egiten duen lana ere oso anitza delako, eta heltzen den jendearengana adin guztietakoa delako; euskara eremu emozionalera eraman nahi dugu, euskaraz gozatzeko aukera izateko, 15 urterekin, 20rekin edo 80rekin”.
Zorionak!