Skip to main content

Araba Euskaraz’22 badoa!

Urtebeteko lanari amaiera eman genion igandeko ospakizunarekin. Euskal kultura eta euskara Arabako eskualde guztietara hedatzeko Arabako zortzi ikastolok ikasturte honetan egin dugun elkarlan erraldoiaren azkeneko eguna izan zen igandekoa. Zortzi ikastolen artean Argantzun Ikastolari, gure zortzigarren alabari, bultzada emateko antolatutako jaia ikusgarria izan zen, benetan. Giroak eta Olarizuren kokapen paregabeak ere asko lagundu zigun eguna borobiltzen. Olarizun sortu zen giroa apartekoa izan zen: giro lasaia, umoretsua, alaitsua, dantzagarria, eta familian eta lagunartean gozatzekoa.

Baina Armentia Ikastolan zapore gazi-gozoa utzi zigun egunak. Ikastolako komunitatera nola heldu ez dugula asmatu sentsazioarekin atera ginen, ez dugula jakin Araba Euskaraz GURE jaia bezala sentiarazten, izan ere Ikastolako jende gutxi ikusi genuen igandean Olarizun. Beraz, pozik egunarekin baina penaz aldi berean.

Eskerrak eman nahi dizkiegu egun hau eta urte guztian zehar egin ditugun ekintza guztiak antolatzen lanean buru-belarri, eskuz esku, musu truke aritu diren guzti guztiei; aupa zuek! Eta eskerrak ere, ikastolen, euskararen eta euskal kulturaren aldeko egun handi honetara gozatzera etorri ziren herritarrei.

Hurrengora arte, Araba Euskaraz!

Azken albisteak

Neguko opor zoriontsuak pasa ezazue.
Ikastolako ikasleengan euskarazko liburuen irakurzaletasuna sustatzea du helburu JUUL kanpainak.
LHko txikiek ipuin ezberdinak entzun dituzte LHko ikasle nagusiengandik.
Neguko oporrak iritsi baino lehen jasoko dugu sarreran dagoen arropa guztia.