Apirilaren 1ean Korrika Gasteiztik pasako da. Ikastolak erosi duen kilometroa, Gaztelako atea eta Ariznabarra kaleko gurutzebidean hasten da, eta arratsaldeko 19:00etan helduko da.
Klaseak 16:30tan bukatu eta ordurarte, ikastola kanpoan jaialdi txiki bat prestatu dugu, merienda, musika eta photocoll-arekin. Gero denok elkarrekin kalejiran Zabalgana auzoan antolatuko den dantza plazara joango gara eta dantzan gorputza berotu ondoren, gure kilometroaren hasierara joango gara.
Gure kilometroaren lekukoa aurten Josu irakasleak eramango du, gure ikastolako beste bi ikaslez lagunduta.
Josu Suarez Oribe, aurtengo ikasturtean LH3Bko tutorea, jubilatu egiten zaigu. Ikastolen mugimenduan urte mordo bat darama lanean; Oiongo ikastolan hasi zen, Ikastolen Elkartean ere lanean aritu zen eta aspaldiko urteetan Armentia Ikastolan ari da lanean. Oso irakasle estimatua dugu Josu eta bere profesionaltasunaz aparte, bere izaera eta bere alaitasuna goraipatu behar dira eta ezaugarri horiekin busti ditu bereak izan diren ikasle eta lankideak. Eskerrik asko Josu!