Galdera batzuk egin dizkiogu, bere lana zertan den azal diezagun:
Zenbat urte daramatzazu idazkaritzan? Zein da zure egitekoa bertan?
2011ko martxoan hasi nintzen. Hasieran ordezko bezala hasi nintzen, baina gure Ramón jubilatu eta azkenean ni geratu nintzen bere lana egiten, eta gaur arte, super gustora.
Arlo desberdinetan mugitzen naiz: garrantzitsuena Hezkuntza Sailaren aplikatiboan (matrikulak, tituluak, bekak, etab.) gure ikasleen kudeaketa eguneratuta izatea da. Laboralean, lan-kontratuak prestatu eta Gizarte Segurantzan altak, bajak eta IT-ak komunikatzen ditut. Arlo ekonomikoan hileroko erreziboak kudeatzen etab ere aritzen naiz.
Honez gain ere, familiekin ere harreman handia mantentzen dut informazioa ematen, zalantzak argitzen eta laguntzen ahal dudan neurrian.
Beste aldetik, "putzuak" gustatzen zaizkit eta, beraz, kamisetak edota boletoak saldu, tonbola edo beste zerbait antolatu behar bada, arazorik gabe egiten dut.
Guraso, irakasle, ikasleen artean ibiltzen zara egunero. Zer moduzkoa da euren arteko harremana eta nola moldatzen zara zeu?
Ikastolan hasi nintzenean nire bi alabek hemen ikasten zuten eta honek abaintaila ematen dit, egoera batzuk ulertzeko eta konpontzeko oso inportantea baita gurasoon ikuspuntutik ere aztertzea. Aldi berean, irakasleak eta beste langileak ama bezala ere, eta ez lankide bezala, ezagutzen ditut eta hori, nire ustez, oso lagungarria izan da.
Orokorrean primeran moldatzen naiz guztiekin, seguraski ikastolan talde guztiak bezain inportanteak ikusten ditudalako eta haien arteko oreka bilatzen saiatzen naizelako.
Kexu, proposamen, galdera asko jasotzen al dituzu egunaren amaierarako?
Bufff, bai, egun batzuetan lan ordu asko pasatzen ditut telefonoan edo lehiatilan jendea atenditzen, baina hau nire lana ere bada. Sasoiaren arabera, galderak beti berdinak izaten dira eta hamaika alditan errepikatzen dugu kontu bera. Adibidez, matrikulazio garaian ez dakit zenbat alditan esaten dudan noiz izango diren ate irekiak, zenbat plaza ditugun,...
Kexuak ere jasotzen ditut eta luzatzen diren moduaren arabera, mingarriak izan daitezke. Ikastolan orokorrean eta idazkaritzan bereziki, gauzak ahalik eta hoberen egiten saiatzen gara, baina gero eta handiagoa da gure ikastola eta oso zaila da egiten dugun guztia guztion gustukoa izatea.
Eta proposamenak? Batzuk ere jasotzen dira, baina asko ez. Hemendik guraso, ikasle eta irakasle guztiak haien proposamenak egitera gonbidatu nahi ditut. Ikastola guztiona da eta denon artean hobeagoa egin dezakegu.