Skip to main content

Hizkuntzarekin jolasteko liburu bat

2021/10/07

Testuak Olasok idatzi ditu eta Sandra Garayoak egin ditu ilustrazioak. Ikastolako irakasleak urteak daramatza haurrentzako eta gazteentzako liburuak idazten, eta hainbat sari ere eman dizkiote.

Zer izan duzu gogoan liburu berri hau idazterakoan?

Enkarguz egindako liburua izan da, eta beraz, Ikaselkar argitaletxeak emandako irizpideak jarraitu ditut; betekizun horiek, funtsean, bi izan dira: batetik, animalien inguruko gaia jorratzea, horrek izan behar zuen guztiaren ardatz; eta, bestetik, aukera ematea hizkuntzarekin jolasteko eta ondo pasatzeko. Liburu erakargarri eta jostagarria sortzea zen nire egitekoa. Pieza laburrekin puzzle polit bat osatu behar nuen, nolabait esateko.

Sei urtetik gorako haurrentzat da "Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan". Zer eskaintzen dio irakurleari?

Jolas-kutxa moduko bat da. Hizkuntzarekin jolasteko hamaikatxo testu labur aurkituko ditu irakurleak barruan: ipuin laburrak [ipuininiak deitu diet], alegiak eta poemak ere badira. Gainera, denetariko formak dituzte, batzuk liburua ispiluaren kontra jarrita baino ezin dira irakurri; besteren bat musikatzeko modukoa da; bada, behetik gora irakurtzen den poemarik ere; akrostiko moduan irakur daitekeen aleren bat eta abar. Bestalde, hitz-jolasekin jarraituz, era eta forma askotako igarkizunak daude, aho-korapiloak, haikuak, asmaturiko atsotitzak eta animalia-bilduma bat [animalarioa], animalia bitxiz osatua: patxitxipot, txuntxurrunsaurio, garbirifayri... Liburuak benetako bizia hartuko du irakurleak eskuan duenean, orduantxe hasiko da "animaliekin dantzan".

Ibilbide oparoa duzu haur eta gazte literaturan. Zer du berezitik mota horretako literatura egiteak?

Haurraren psikologia, jokaerak eta interesguneak ezagutu behar dira, haurrak zer duten gustuko eta zer ez. Haur-literatura egileak erronka handia du sortzen duen gauza bakoitzarekin, zaindu-zaindua behar baitu izan: hizkuntza-molde egokiz emana. Emozioa sorrarazi behar dio irakurle txikiari, ttak! egin behar dio interesean, alegia, erakarri egin behar du. Gauzak horrela, ez da erraza haurrentzat idaztea, baina nire kasuan gozamen handia da.

Zer esango zenioke liburua irakurri ala ez zalantza duenari?

Liburu ezberdin batekin topo egingo duela: aurretik atzerantz zein atzekoz aurrerantz irakur daitekeen liburu batekin, hain zuzen. Sandra Garayoa ilustratzaileak egindako marrazki eder-ederrekin ere topatuko ditu; ikustekoak dira, benetan. Finean, irakurketa dinamizatzeko aukera ematen duen liburua da, euskararekin jolasteko aukera... Animaliekin dantzan egin nahi duenak liburua irakur dezala, falta gabe.

Irudia
p1fhe0vl1v1hcr1jfl1c0g1t0nqrv4.jpg

Azken albisteak

2024-11-24
Abenduaren 6an, ostirala, Durangoko Azokaren baitan egingo den gazte egunera autobusez joateko auker
2024-11-22
Bilera egingo dugu datorren astean. Anima zaitez!
2024-11-22
“Txikiak” eta “handiak” euskaraz aritzeko elkarren erreferente bihurtzeko lanean ari gara. LHko eta BATXIko taldeen txanda izan da aste honetan.
2024-11-22
Besteak beste, Italian, Afrikan, Ozeanian eta Hego Amerikan izan dira.