“Mugak, autoritateak eta emozioen kudeaketa” izeneko hitzaldiarekin eman zion hasiera asteazkenean Leyre Canok Bosgarren Ziklo Pedagogikoari. Erpin interesgarriak jorratu zituen bere hitzartzean. Lehenik eta behin , arauak eta mugak familian lantzeko zenbait urrats azaldu zuen, bai eta baliabideak erakutsi ere. Ondoren, komunikazio asertiborako hainbat gako ekarri zuen. Azkenik, arauak eta mugak zertarako eta zergatik erabili izan zuen hizpide, hain zuzen ere, hitzaldiaren muina.
Nerabeak eta osasun mentala
Hurrengo ostegunean, beste esparru baten lanketarik ekingo diogu 5. Ziklo Pedagogikoan. Hainbat gurasok egindako eskaerari erantzunez, nerabeak eta osasun mentala ekarriko dugu Armentiara.
Kontuan izan behar dugu osasun mentala osasun emozionala dela, hau da, pertsona bati bizitzako egoeren aurrean dituen emozioak bideratzeko eta kudeatzeko gaitasuna.
Nerabeen osasun mentala ulertzeko nerabeen garapena ulertu behar dugu. Horretaz gain, beraiekin harremanean helduoi gertatzen zaiguna eta horrekin egiten duguna ere jakitea garrantzitsua da. Hitzaldian nerabeez eta beraiei akonpainatzeko gakoez jardungo dute Harremanak elkarteko Mireia Agirrek eta Olatz Berastegik: "Nerabeen osasun mentalari akonpainatzeko gakoak"
Gogoan izan interpretazio- edo zaintza-zerbitzuak behar izatera, honako GALDETEGI hau bete behar duzula.