
Dena prest daukagu heldu den ekainaren 15ean Araba Euskaraz Eguna ospatzeko. Gasteizko Olarizuko zelaietan ospatu gura genuen aurten ere, baina ezin izan dugu. Halere ez dugu Arabako hiriburua utziko, Gasteizen ospatuko baitugu igande honetan Araba Euskaraz, Armentia ikastola, Mendizorrotza eta Prado Parkearen inguruan. Azken egunetan Olarizuko parkean ospatu ahal izateko ahaleginak egin ditugu; aldeekin hitz egin dugu, baina ezin izan dugu garantiarik lortu igande honetarako Olarizuko parkea gurea bezalako jai bat ospatu ahal izateko moduan egoteko. Hori dela-eta eskenatokia mugitu egin dugu, baina aurreikusita genituen ekitaldi eta ikuskizun guztiak aurrera aterako ditugu.
Bastida Ikastolari laguntzeko antolatu dugu Arabako Ikastolen aurtengo jaia, eta urte osora eraman dugu Araba Euskaraz, gure lurraldeko hamaika herritara. Guztia auzolanean, ikastola guztiok elkarrekin egindakoa. Egitaraua aurkeztu dugu gaur, askotarikoa eta parte-hartzailea, euskara eta euskal kultura ardatz eta herritarrak protagonista izango diren eguna biribildu dugu.
Badakizue, era berean, Arabako zortzi ikastolon artean antolatu dugula ekitaldi hau, aurreko hiru edizioak bezala. Eskuz esku, eta buruz buru, auzolanean. Urte osoa eman dugu elkarrekin lanean, eta gaurko aurkezpenean ere ikastola guztiok azaldu gara. Lau urteko esperientzia honek erakutsi digu batasunak ematen digun indarra. Indarra, Arabako ikastolen jaia antolatzeko eta aurrera eramateko. Eta indarraz gain, elkar hobeto ezagutzeko, elkarlanaren balioan sakontzeko eta elkarren arteko harremanak ehuntzeko balio izan digu. Urrutira iritsi nahi dugulako goaz batera. Eta ziur gaude, Araba Euskaraz antolatzeko bezala, beste hainbat esparrutan ere balioko digula elkarlan honek.
Eta badakizue, halaber, urte honetako Araba Euskaraz jaiarekin Bastida Ikastola lagundu nahi dugula. Bastida Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Bastidan eta Arabar Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilpen eremuak zabaltzeko baliatuko dugu gure jaia.