Skip to main content

Giro aparta ikastolako Euskal Pilota Jaialdian

Euskal Pilota Jaialdia ospatu zen azken ikasturtea pandemia aurrekoa izan zen; hots, 2018-19. Hiru urteren ostean, berriro ere bueltan ekarri dute hitzordua, eta ezinhobe pasatu dute ikasleek. Giro bikaina sortu da Ogeta pilotalekuan, gela bakoitzak zegokion bikoteari animoak ematen zizkion bitartean. 

Zer esanik ez antolaketaren aldetik: profesionalen pare! Epaile lanetan, 6. mailako bi ikasle aritu dira, bere gela tantoa lortzen zuen bakoitzean poza ezin disimulatu. Markagailuan, LH5eko beste bi ikasle. Hauek ere ezin izan dute inpartzialtasuna guztiz alde batera utzi. Pottolo ere hortik ibili da, partidak girotzen, eta 2. mailakoak sari banaketaren arduradunak izan dira. Jokalariei dagokienez, bi taldetan banatuta zeuden: 3-4. mailakoak eta 5-6. mailakoak. Hiru bikote finalista aritu dira jokoan maila bakoitzeko, hiru modalitatetan banatuta: eskupilota, zesta punta eta pala.

Udaberriko oporrei ongi etorria emateko planik onena izan dute goizean ikasleek. LHko maila guztiak zeuden gonbidatuta, eta baita HHko Euskaralagunak ere. Adi-adi jarraitu dituzte jokaldiak, eta zaratatsu ibili dira irabaztea nahi zuten bikoteari animoak bidaltzen, gorriak zein urdinak.

Hitzorduaren lagin bat uzten dizuegu, argazki-galerian.

Azken albisteak

"Udako oporrak usaindu ez ezik, ukitu ere egin ditzakegu, eta horrek ondorio batera narama: nola daiteke ekainak 20 izatea, ikasturtea hasiera duela aste batzuk izan bazela iruditu arren?"
Eskolaz Kanpoko Ekintzen bi kiroletan izan ditugu saridunak.
LEGOk aukera pila bat ematen ditu objektuak sortzeko. Oraingoan, LH6koek pila bidezko ibilgailuak sortu dituzte.
Saria jasotzeaz gain, beste igarkizun bat bota dio publikoari.