Hori dela eta gaiaren inguruko zenbait artikulu eta azterketaren inguruko lankera egin ondoren,, amesgaiztoak eta gaueko beldurrak ezberdintzea gomendatzen dugu.
Azterketa ezberdinetatik atera diren ideia nagusiak honako hauek dira:
Beldurra bizirauteko daukagun mekanismo informatzailea da, zerbait gertatzen ari denaren abisua ematen diguna. Beldur mota asko daude: Bakarrik geratzekoak, min hartzekoak, galtzeko beldurra, pertsona, objektu zein espazio bati, zaratari, animaliei…
Umeek beldurra dutenean erreferentziazko irudira jotzen dute, konfiantza eta segurtasuna eskatuz. Helduon esku-hartzea beldurrak kudeatzeko estrategia eta gaitasunak garatzen laguntzean datza, haurrei behar dituzten baliabideak eskainiz. Beti ere, haurrek beldurra gainditzeko, helduaren babesa eta ulermena eskaini behar diola zalantzan jarri gabe.
Horretarako helduak modu arrazionalean jokatu behar du eta haurraren maila berdinean komunikatzen saiatu behar da, modu enpatikoan jokatuz (“zerk eragiten dizu”, “nola gertatu da?”, “nola sentitzen zara?”, “helduoi ere gertatzen zaigu”, “aurre egiteko modu ezberdinak daude”).
Bestalde heldua ez da pentsamenduetan oinarritutako teorietan sartuko. Izan ere, pentsamenduetan oinarritutako esaldiek (“Ez da ezer gertatzen” “hemen gaude”, “ez da horrenbesterako” “ez du ezer egiten”, “lasaitu zaitez” “ez dago ezer”) ez diete umeei lagunduko.
Era berean, helduak ezin badio beldur horri aurre egin, helduak beldur berbera duelako, beste heldu baten laguntzaz saiatzea komeni da.
Beldurren artean, Haur txikienen artean ohikoenak amesgaiztoak eta gaueko beldurrak dira. Hori dela eta, garrantzitsua izango da bi hauen arteko ezberdintasuna bereiztea:
Gaueko beldurrak, loaldiaren lehen herenean gertatzen dira, loaren faserik sakonenean. Sonanbulismo modukoa da eta 5-15 minutu iraun dezake. Ez dute ondoriorik ez kausa fisiko ezta psikologikorik ere. Beraz ez dute ondoriorik izaten haurraren eguneroko bizitzan.
Esku hartzeko moduari dagokionez itxoitea da aproposena. Nahiz eta kasu batzuetan errepikatu daitekeen, ohikoena desagertzen joatea da. Egoerak okerrera eginez gero, pediatrarena jo beharko litzateke.
Amesgaiztoak aldiz, loaldiaren azken herenean gertatzen dira. Haurra erdi esna dagoenez oroitzapen txarra utz diezaioke. Helduak kasu honetan umea lasaitu beharko luke eta zergatik gerta dakioken aztertu beharko luke (telebista asko ikusteagatik, norbait faltan bota, Ikastolan zerbait berezi geratzen den…). Normalena pixkanaka desagertzen joatea da, eta egoerak ez badu hobera egiten pediatrarengana jo beharko litzateke baita ere.
Ez ahaztu, beldurrak bizirauteko oinarrizko baliabideak direla.