2012tik hona, ikastola guztien ekarpenari esker 7.186.848 euro banatu dira elkartasun kutxaren bidez beharra zuten ikastolei lagundu eta inbertsio berriak sustatzeko. Eta denboran atzerago joango bagina, 1992 urtetik indarrean dagoen ikastolen Elkartasun Kutxak 18 milioi eurotik gora banatu ditu guztira. Armentia Ikastolak ere urteetan zehar jaso izan du laguntza hau.
Gure Ikastolari dagokionez, 18.752 euroko ekarpena egingo du elkartasun kutxa honetara, 2020-2022 ikasturteei dagokiona, hain zuzen ere. Zenbakiez harago, baina, Ikastolen Elkartearentzat funtsezko tresna da elkartasun kutxa, ikastola sarea indartu, eta Euskal Herriaren errealitate administratibo edo hizkuntza paisaiagatik egoera larrienean egon daitezkeen ikastolei hauspoa emateko ezinbesteko tresna delako.
Aurten 6 dira elkartasun kutxa honetatik dirua jasoko dutenak: Bastida ikastola (Labastida, Arabar Errioxa) Harrobia Ikastola (Bilbo, Bizkaia) , Argia Ikastola (Tutera, Nafarroa), Ibaialde Ikastola (Lodosa, Nafarroa) Tantirumairu Ikastola (Lesaka, Nafarroa) eta Seaska Ikastolak (Iparraldeko Ikastolak). Ander Deuna(Sopela) Ikastolaren kasuan laguntza eskatu zuen, baina ez da onartu.
Laguntzak, kapital ekarpen edota mailegu modura izango dira. Hau da, ez da besterik gabe ematen; itzultzeko (mailegua) edota jasotzen duen ikastolaren kapital sozialean (kapital ekarpena) geratzeko baizik. Laguntzak, epe jakin baterako ematen dira, ahalik eta laburrena, eta horrela ulertu eta erabili behar ditu jasotzen dituen ikastolak. Hau da, ematen den laguntza ikastolaren inbertsio edo proiektu jakin horretara eta horretara bakarrik zuzendu behar dela, egoerari ahalik eta azkarren buelta emateko ahalegin guztiak eginez. Beste modura, etorkizuneko elkartasun ekintzak erabat mugatuak geratuko lirateke.