Urtez urte pausoak eman genituen eta gure ikasleen elikadura hobetzea lortu zen 2017-2018 ikasturtetik aurrera, Armentia Ikastolak bere menuak erabakitzen baititu. Ordutik, aurrez kozinatutako produktuak gutxitu dira, frijituen maiztasuna jaitsi, lekale eta barazkiek presentzia handiagoa hartu dute eta ahal den neurrian azukrea duten elikagaiak gutxitu dira.
Nondik dator jaten duguna?
Ibai Ruiz de Aretxabaletak kontatzen duen bezala, Araban dauzkagun produktu asko AEB, Kanada edo Argentinatik kontsumitzen ari ginela konturatu ziren. Beraz, lehenengo urratsa Arabako nekazari batzuekin kontaktuan jartzea izan zen, gertuko jatorria duten elikagaiak lortzeko. Horretarako Basaldearen laguntza ezinbestekoa izan zen.
Jon Ander eta Maider sukaldarien lankidetza eta jarrera eskertu ditu Ibaik. Sukaldariek argi baitute: “nahiago dugu letxugak garbitzea plastikozko poltsak zabaltzea baino, nahiz eta denbora gehiago behar”.
Hasiera batean elikagai gutxirekin hasi ziren lanean, baina gaur Armentia Ikastolako jantokian jaten diren lekaleen %100 Arabako lekale ekologikoak dira (babarrunak, dilistak eta txitxirioak) eta baita barazkien %70 ere (patatak, kalabazak, porruak, tipulak, urazak, zerbak…). Oskar eta Mikel dira nekazari-hornitzaile nagusienak eta beraien baratzak Gasteiztik 3 km-tara dauden Monsterioguren eta Bolibar herrietan kokatzen dira, gertu-gertu beraz.
Elikagai ekologikoek hainbat onura dituzte: kalitatea, gustagarriak izatea, elikagarriak eta osasungarriak. Baina Ikastolan sortutako lantaldeak beste balore batzuengatik egin nahi genuen apustua: Arabako nekazari txikien garapen jasangarria eta merkataritza-harreman zuzenagoak bultzatu, hurbiltasuneko ekonomia sustatu eta elikagaiek uzten duten aztarna ekologikoa ahal den neurrian apaldu nahi genituen.
Jangela ez da jateko leku bat bakarrik
Badira beste hainbat helburu, elikaduraz aparte, jangelan landu ahal direnak eta ez direnak alde batera utzi. Aukera ezin hobea da jantoki ordua euskara geletatik ateratzeko eta aisialdi esparru batetara eramateko. Lantaldea sortu zenean eguerdiko espazio hau oso egokia ikusten genuen eremu ez kurrikularrerako eta hainbat ekintza jarri ziren martxan: bertsolaritza, gitarra eta trikitixa klaseak adibidez.
Jantokian sortzen den hondakin organikoaren kudeaketan haurrak ere parte hartzaile bihurtu dira. Izan ere, orain dela 4 urte Ikastolako baratzean konpostagailu txiki bat jarri genuen, egunero ikasle taldetxo bat sukaldera hurbiltzen zen jolas orduan eta goiz horretan sortutako hondakin organikoak konpostagailura eramaten zituen.
Honetaz aparte, jangelan sortzen diren hondakin organikoak Ekaia enpresak jasotzen ditu egunero eta Narbaizan daukan konpostagailura eramaten ditu. Hondakin guzti hauekin sortzen den ongarria Ikastolara ekartzen dute udaberrian baratzeko lantaldeak erabiltzeko.
Ezinbesteko zerbitzua pandemia garaian
Aldaketa ugari ekarri ditu COVID-19ak sortutako egoerak Armentia Ikastolako jantokian ere. Aipagarrienak, ikasleek, beraien talde egonkorra apurtu ez dadin bete beharreko neurriak dira. Gela barruetan denbora asko pasatzen dute ikasleek, eskolaz kanpoko ekintzak antolatzeko zailtasunak daude, harremanetarako oztopoak eta bazkalorduan beraiekin lantzen ziren autonomia arauak bertan behera utzi behar izan dira, ezin direlako jantokiko espazioan mugitu.
Antolaketa aldetik ere bazkalorduetan aldaketa handiak egin behar izan dira. Txanda gehiago sortu behar izan baitira, burbuilak eta distantziak errespetatu daitezen, sarrera irteerak antolatzeko eta jangelako edukiera mugatu egin delako. Egunero 400-450 ikasle inguruk bazkaltzen dute. 12:00etan urtebeteko umeekin hasi eta Batxilergoko ikasleekin amaitzen dituzte bazkariak, 15:15ean.
Ikasturtea hasi aurretik uste genuen haur kopurua jaitsi egingo zela baina argi geratu da Ikastetxeetako jangelak ezinbesteko zerbitzu bat direla familientzako. Armentian, behintzat, ezin dugu irudikatu Ikastola zabalik edukitzea jangela zerbitzurik gabe.