Skip to main content

Ikasturte berriari ekin!

Irudia
IKAS HASIERA

Horrela dio Euskal Herriko Ikastolak taldeak aurten erabili duen leloa: Ikasturte berriari ekin, herria josteko elkarrekin. Eta, bai, halaxe da, Armentia ikastola ere herria josiko duen orratza ere bada.

 

Armentia Ikastolak ere gogotsu ekin dio ikasturte hasieri. Etxea prest dugu benetako protagonistak diren gure ikasleei aterak irekitzeko. Ikastola prest dago ehunka pertsonaren hezkuntza-prozesuan eragiteko. Irrikitan gaude kooperatiboak, euskaldun aktiboak, erabakitzaile-ekintzaileak, eraldatzaileak diren  eta barne sendotasuna handia duten herritarrak sortzeko. Horixe da Gasteizi eta Euskal Herriari egiten diegun ekarpena.

 

Ohiko moduan erronka berriekin ekingo diogu ikasturte berriari. Honez gero, lehena hasi dugu, hain zuzen ere, gure komunikazioak eraginkorragoak, azkarragoak eta argiagoak izateko INIKA plataformarekin lanean hastea. Halere, bestelako berrikuntzak ere badatoz, eta iazko ekimen arrakastatsuekin ere jarraituko dugu, tartean, ostiral kantuz. Are, Armentia ikastolak eraldaketa pedagogikoari ekingo dio Euskal Herriko Ikastolak erakundearekin batera hasiko duen lau urte prozesu baten bidez. Horretaz gain, noski, ikasturtean zehar beste hainbat proiektu jarriko dugu abian, eta horren berri emango dizuegu ohiko kanal eta kanal berrietatik.

 

Baina hau guztia ez da posible izango zuon ekarpenik ez badugu. Aurten ere hainbat lan-talde eratuko dugu, eta ezinbestekoa da komunitateko kideok parte hartzea. Kooperatibismoak bereizten gaitu, baina praktikara eraman behar du.

 

Azkenik, horrelakoetan, garrantzitsua izaten da hainbat puntu gogoan izatea. Batetik, kontuan hartu ikastola Mugikorrik Gabeko Gunea dela, eta horretan helduok eredu izan behar dugula. Bigarrenik, ikastolan EKOLOGIKOAK gara, eta beraz, helburua zaborrik ez sortzea bada ere, sortzen dugun zabor hori zein bere edukiontzira bota. Azkenik, aurten eskaera berri batekin natorkizue. Irteeretan, arratsaldeetan bereziki, sarrera nagusian butxadurak izaten dira jende asko elkartzen delako. Horrexegatik, pixka bat zabaltzea eskatu nahi dizuegu ikasleek irteera lasaiagoa eta seguruagoa egin dezaten.

 

Besterik gabe, beraz, ekin diezaiogun 2026-2027 ikasturteari!

 

Paul Bilbao Sarria

Zuzendari orokorra

 

Azken albisteak

Oporrak iristearekin batera, errutinak aldatu egiten dira, baina euskaraz gozatzeko aukerak ez dira eten behar.