Ikastolako Zuzendaritzak bultzatuta, eta gure material propioetan oinarrituta, Haur Hezkuntzako jantokian euskararen erabilera sustatzeko ekimen berri bat jarri dugu martxan.
Horretarako, Gaizka Olano (HH3), Aiala Garcia (HH4) eta Kattalin Olarte (HH5) jantokiko begiraleek hartu dute egitasmoaren gidaritza. Atseden eta jolas garaia aprobetxatuz, euskaraz bizitzeko eta gozatzeko espazio erakargarriak sortzen ari dira haur txikienentzat.
Jolasak, abestiak, dinamika desberdinak eta talde-jarduerak baliatuz, haurrek modu naturalean erabiltzen dute euskara, eguneroko harremanetan hizkuntza ohiturak indartuz. Izan ere, jantokia ere hezkuntzaez formala lantzeko leku ezinhobea da, eta bertan ere euskarak bere lekua du.
Esperientziak oso positiboak izan dira. Begiraleek nabarmendu dutenez, dinamika amaitu ondoren ere haurrek euskaraz jarraitzen zuten, modu naturalean eta ia konturatu gabe.
«Hasieran jolas edo abesti baten bidez hasten ginen, beri beraien behar eta nahietara adaptatuz, gainera, beraiek ere abestiak eta jolasak proposatzen zituzten. Hori izan da gehien harritu eta poztu gaituena», azaldu du Gaizka Olanok.
Kattalin Olarteren hitzetan, «haurrek oso gustura hartu dute ekimena. Giro alaia sortzen da, eta euskaraz hitz egitea zerbait naturala bihurtzen da haientzat».
Bestalde, Aiala Garciak azpimarratu duenez, «eguneroko une txiki hauek aprobetxatzea oso garrantzitsua da. Jantokia ere euskaraz bizitzeko eta harremanak eraikitzeko espazioa da».
Begiraleak oso pozik daude orain arte lortutako emaitzekin, eta ikasleen erantzunak erakutsi du euskararen erabilera sustatzeko ekintza txikiek eragin handia izan dezaketela. Izan ere, euskara ez da gelan bakarrik lantzen; elkarrekin bizi eta partekatzen ditugun une guztietan eraikitzen da.