Aste honetan, Hezkidetza Batzordeko ikasleekin bildu gara hezkidetza proiektuaren logo eta lelo berria aurkezteko. Prozesu osoa modu kooperatiboan garatu da: batzordeko kide bakoitzak bere proposamenak egin ditu, eta guztien ekarpenetatik sortu dira bai irudia, bai leloa. Horren emaitza da “Guztionagatik eta guztiontzat”, ikastolan eraiki nahi duten komunitatearen isla.
Logo berriak ikastolako irudi korporatiboari eusten dio, kolore eta forma nagusiak mantenduz, baina hainbat elementu berri gehitu dizkiote. Xehetasunen artean, ukabil feminista aurki daiteke, baita LGTBIQ+ kolektiboaren aniztasuna irudikatzen duten kolore askotako petaloak ere, tartean hainbat banderen erreferentziak. Hala ere, ikasleek azaldu dutenez, logoa bizirik dagoen proiektua da, eta etorkizunean arrazakeriaren eta gaitasun-aniztasunaren aurkako elementuak ere txertatu nahi dituzte. Izan ere, haien helburua diskriminazio mota guztien aurka lan egitea da.
Hezkidetza Batzordea DBH1, DBH2 eta DBH3ko ikasleek osatutako talde boluntarioa da, irakasleen laguntzarekin. Astero elkartzen dira tailerrak eta dinamikak egiteko, hausnarketarako guneak sortzeko eta ondoren ikastolako beste mailetan zabaltzen dituzten hitzaldi eta ekimenak prestatzeko. Helburua argia da: diskriminazioei aurre egitea eta ikastola inklusiboago eta bidezkoago bat eraikitzen laguntzea.
Azken hilabeteetan, gainera, taldeko kideek prestakuntza gehiago jasotzeko beharra adierazi diote zuzendaritzari. Alde batetik, batzordeko ikasleek eguneroko egoerei aurre egiteko tresnak eta argudioak eskuratu nahi dituzte; bestetik, hezkidetzaren inguruko tailerrak eta formakuntzak ikasle guztiengana zabaltzea proposatu dute, komunitate osoaren inplikazioa indartzeko.
Hezkidetza Batzordearen lana etengabeko eraikuntza-prozesua da, eta aurkeztu berri duten logo eta leloa bide horretan emandako beste urrats bat baino ez dira: guztionagatik eta guztiontzat.