Gero eta gertuago dago Araba Euskaraz 2026. Ekainaren 14an Amurriok hartuko du Arabako ikastolen aldeko jaia, baina ospakizuna lehenago hasiko da, asteburu osoko egitarauarekin.
Aurtengo leloak, Taupadak berpiztu, euskararen, kulturaren eta komunitatearen indarra ospatzera gonbidatzen gaitu. Horretarako, adin guztietarako jarduerak prestatu dituzte, musika, kirola, ikuskizunak eta familia osoarentzako proposamenak uztartuz.
Jaia ekainaren 12an hasiko da Kantuz ekimenarekin Amurrio Antzokian. Hurrengo egunean, ekainaren 13an, giroa berotzen joango da Gazte Egunarekin, mendi bizikleta sariaren probarekin eta pilota finalekin.
Ekainaren 14an izango da hitzordu nagusia. Goizeko 10:00etatik aurrera, Amurrioko kaleak eta guneak euskararen aldeko jai erraldoi bihurtuko dira. Egitaraua hiru gunetan banatuko da:
Bihotza parkea izango da herri kulturaren eta tradizioaren bilgune nagusia. Bertan izango dira, besteak beste, BERRIAren gunea, herri kirol erakustaldiak eta dantza topaketak.
Txinparta gunean, familiek eta haurrek aukera izango dute hainbat ikuskizunez gozatzeko. Bertatik igaroko dira Porrotx eta Marimotots, baita Ganibet eta Nafarroa 1512 taldeak ere.
Taupadak guneak, berriz, musika, dantza eta aisialdirako proposamen ugari hartuko ditu. Besteak beste, Yogurina Borova eta zumba saioak izango dira, egunari erritmo eta kolore berezia emanez.
Araba Euskaraz jai bat baino gehiago da: euskararen aldeko elkargunea, ikastolen lana ospatzeko aukera eta komunitate oso baten indarraren erakusgarri. Zatozte taupadak berpiztera!