Skip to main content

Azken txanpa: Kike Amonarriz eta Bea Sever

Bi aste barru, azken bi saioak izango dira.

Irudia
zipe-azkenak

Interes handia piztu zuen atzo Harremanak elkarteko Olatz Berastegik. Gero eta maizago entzuten da osasun mentalaren eta nerabeen arteko kudeaketa nola garatu, eta atzokoan zenbait jarraibide jasotzeko aukera izango genuen.

 

Hurrengo astean ez da saiorik egongo. Bi aste barru, aldiz, azken bi saioak izango dira, zein baino zein interesgarriagoa zalantzarik gabe. Lehenik, martxoaren 24an, asteartearekin, Kike Amonarriz izango dugu ikastolan. Bigarrenik, martxoaren 26an, ostegunarekin NAIZEN elkartek Bea Sever.

 

Aski ezaguna da Amonarriz, eta eskarmentu handikoa euskara/gurasoak binomioan. Kontuan hartu behar dugu, gurasook ezinbesteko ekarpena egin dezakegula seme-alaben euskara gaitasunean zein erabileran eragiteko. Are, ez dugu pentsatu behar hori guraso euskaldunen bakarrik egin dezaketenik. Aitzitik, etxeko hizkuntza edozein dela, gurasoek hainbat tresna izan dezakete eragile izateko. Horiek identifikatzen lagunduko digu Kike Amonarrizek. Eta noski, zalantzarik ez dugu umore-puntua eta baikortasuna ez direla faltako Kikeren hitzaldian.

 

Azkenik, eta Bosgarren Ziklo Pedagogikoari amaiera emateko, martxoaren 26an, ostegunarekin, NAIZEN elkarteko sexologo Bea Sever gonbidatu dugu ikastolara oraindik asko ikasteko dugun gai baten inguruan argibideak eskaintzeko, haur eta nerabeen transexualitatea hain zuzen ere.

 

Hitzaldirako lerroburu ezin egokiagoa jarri du Severrek: ulertu lagundu ahal izateko. Finean, denok egin beharreko lehen lanketa haur eta nerabeen transexualitatea ulertzea da, hori izango baita gure seme-alabei laguntzeko bidea.

 

Gogoratu interpretazio- edo zaintza-zerbitzuak erabiliko badituzu, GALDETEGIA bete behar duzula.

Azken albisteak

WASTEHERO izeneko proiektuarekin irabazi dute gure ikasleek.
Aroa Arrizubieta eta Maddi Agirre ikasle ohiek parte hartuko dute txapelketan.