Jolasa hartuta ikasteko tresna gisa, hainbat esparrutan trebatzen dira: komunikazioa, sormena, bat-batean aritzea, inprobisazioa… Aroa Arrizubieta Eskolaz Kanpoko Ekintzen koordinatzailea eta bertso-eskolako irakasleak bertso eskolaren nondik norakoez hitz egin du.
- Zergatik da beharrezkoa Bertso Eskola eta zeintzuk dira honen helburuak?
Bertso eskola beharrezkoa da ikasleek izena ematen jarraitzen dutelako; hori bezain sinplea da. Gainera, izena ematen duten horietako askok jarraitu egiten dute gero. Bertso-eskolak gehiago du bertsotik, eskolatik baino; bertso-eskolan ez da ikasten soilik bertsoak idazten eta inprobisatzen, “bertso-mundura” salto egiteko aukera ematen du, jende berria ezagutzekoa, baita bestelako komunitate txiki bat sortzeko aukera ere; eta aipatu beharrik ez dago lantzen den sormen- eta komunikazio-gaitasuna. Horren adibide da Aste Santuan egindako bertso-egonaldia DBH3ko ikasleekin eta Arabako beste hainbatekin. Ikasleek bi egun pasa zituzten euren adin inguruko ikasle zein eurentzako erreferente izan daitezkeen bertsolariekin, eta argi utzi didate harremanak sendotzeko aukera bat izan dela, primeran pasatzeaz gain.
-Zertan ari zarete lanean?
Gure jarduna jolasa da lana baino gehiago, finean, bertsoa ere hitzekin jolastea baita, mezu bat transmitituz. Beraz, errimekin, hitzekin, mezuekin eta abarrekin jolasten dugu, era ezberdinetan. Adinaren eta nahien arabera, gehiago abiatzen gara jolasetatik edo inprobisaziotik, biak uztartzen saiatuz betiere.
- Aurtengo Eskolarteko Bertso Txapelketako finalera iritsi da Armentiako ikasle bat. Zer esan nahi du horrek?
Argi dago Armentiako Bertxilika bertso eskolak garrantzi handia duela Arabako bertsolaritzan, datuek ere argi erakusten dute hori, izan ere, momentu honetan hamaika ikasle daude (eta pandemiaren erruz apuntatu ezin izan direnak) eta eskolarteko txapelketan parte hartzeko adina duten bertsolariei dagokienez, Armentiakoak dira gasteiztar guztiak. Gainera, horietako batek Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketara iristeko aukera eduki zuen, irabazita, noski; eta horrek argi erakusten du kantitateaz gain kalitatea ere badagoela. Hala ere, ez dakit zenbateko garrantzia eman behar zaion lehiari, nire iritziz behintzat, askoz garrantzitsuagoak baitira hortik kanpo dituzten saioak.
- Aurrera begira zein proiektu dituzue eskuartean?
Oraintxe bertan LH5eko ikasleekin idatzizko eskolartekoa prestatzen ari gara; horretarako, talde bakoitzak bertso sorta bat prestatu du eta maiatzaren 25ean izango dute jendaurrean kantatzeko aukera. Gainera, bertan ikasleetako batzuk behintzat, bat-batean egingo dute jendaurrean lehenengoz. DBH3koekin aldiz, nagusien eskolartekoa prestatzen ari gara, maiatzaren 7an jokatuko baitute lau ikasleek Gasteizko kanporaketa. Horretarako, bertako ariketak egiten ari gara etengabe, entrenamendu gisa. Zoragarria da ikasleak motibatuta ikustea, horrek motibatzen nau ni gehien. Gainera, argi ikus daiteke talde bat direla, eta ez dutela elkarren kontra kantatzen, elkarrekin baizik; elkar laguntzen dute etengabe, eta ez dago ezer gehiago pozten nauenik.