Irakasleen elkartasun taldea zer den azaldu eta haren nondik norakoen inguruan hitz egin du.
Zer da irakasleen elkartasun taldea?
Egoera administratibo kaxkarrean dauden ikastolei laguntza emateko taldea da. Lurraldearen arabera, Ikastolak esparru administratibo ezberdinetan egoten dira eta, horietako batzuek, ez dute gure proiektuaren aldeko apusturik egiten. Gure helburua egoera administratibo kaxkarrean dauden ikastolei laguntzea da.
Nork osatzen duzue eta nola sortu zen?
Ikastolako langileek osatzen dute taldea; gaur egun, lau kide gara. Duela hamaika urte sortu zen ekimena, zehazki, 2011 urtean. Joan diren urte horietan taldearen jarduna ona izan da. Parte-hartzea borondatezkoa da.
Argantzongoa, beraz, ez da lehen ekimena izango.
Ez, beste hainbat ekimen ere egin ditugu. 2011an bertan egin genuen lehena: Pirritx eta Porrotxen emanaldi bat antolatu genuen. Geroago, Errigora kanpainarekin ere aritu gara. Kanpaina horrek Nafarroa hegoaldea du ardatz eta helburua euskara ofiziala ez den eremuetan eragitea da. Kanpaina horrekin dirua eskuratzeko bertako produktu sortak banatu genituen.
Horrez gain, dinamika propioak ere egin ditugu, kasurako, Ikastolako Egutegia. 2013an hasi ginen ekimenarekin: egutegiaren diseinua urtero David Alvezek, ikastolako guraso batek, egiten du; modu horretan egiten du hark ekarpena. 2011tik 2016ra gure dinamikekin lortutako dirua Ipar Euskal Herriko Seaska Ikastolen elkartera bideratu genuen.
Zergatik laguntzen diozue Argantzongo ikastolari?
Haien egoera ekonomikoa larria da oso. Argantzon Ikastola Trebiñun dago eta udalerria, legez, ez dago Araban kokatuta, Burgosen baizik. Egoera administratiboa ezberdina denez eta babesik ez dutenez, zailtasun ekonomiko handiagoak dituzte. Hori dela eta, gure egutegien salmentatik lortzen duguna Argantzonera bidaltzen hasi ginen 2016an; eta horretan jarraitzen dugu gaur egun ere.