Haurrak eta gazteak hezteaz gain, bertako ikasleek ikuspegi kritikoa garatzen saiatzen direla uste du Errastik: “Iritzi kritikoa garatzeari garrantzi handia ematen zaio. Sormena ere lantzen den beste faktore bat da: ikastolak bilatzen duena ikaslea sortzailea eta autonomoa izatea da; hots, bidea mugatu beharrean, ikasleak bere bide propioa bilatzea”. Iritzi berekoa da Canales ere, Ikastolak akademikoki ez-ezik, pertsonalki garatzen ere erakusten duela.
Dagoeneko hamar urte baino gehiago daramatza Espinak lanean Ikastolan. Hasiera “arraroa” izan zela kontatu du, aurretik irakasle izandakoak lankide izatera pasatu zirelako bertan lanean hasi zenean. Denborarekin, ordea, ohitu egin omen da eta azken urteetan ikastetxearen “beste aldea” ezagutu duela aipatu du: ikasle ikuspuntutik ezagutzen ez zuena. Canalesek ere aitortu du hasi berritan antzeko sentipena eduki zuela, baina oro har, esperientzia “oso berezia” dela ere nabarmendu du: “Ikastola modu berri batean berriro ezagutzen duzu. Oso pozgarria da Armentia zenbat hazi den ikustea eta betidanik bultzatu nahi izan dituzten baloreak sustatzen laguntzea”. Errastik, berriz, uste du Ikastolan ikasi izanak erraztu egiten duela egokitze-prozesu hori. Horrez gain, aitortu du oso identifikatua sentitzen dela ikastolaren baloreekin eta hori izan dela bera itzultzearen arrazoi nagusia.
Hasierara itzultzea
Canalesek joan den ikasturtean masterreko praktikak egin zituen Armentian eta bertan eduki zuen Ikastola irakasle-ikuspegitik ezagutzeko aukera. Azaldu duenez, oso interesgarriak eta aproposak iruditzen zaizkio ikastetxeak dituen pedagogia- zein hizkuntza-proiektuak eta horrek erakarri zuen bertan lan egitera: “Ikasleen autonomia eta kritikotasuna bermatzen dute, baita enpatia ere. Bertan lan egiteko eskaintza egin zidatenean baietz esan nuen inolako zalantzarik gabe”.
Espinari Ikastolan lan egitea eskaini ziotenean ingeniaritzaren mundua zuen ogibide. Aitortu du hasieran zalantza egin zuela, baina Ikastolak eskaintzen zituen lan-baldintzak hobea zirela ebatzi eta, azkenean, eskaintza onartzea erabaki zuen. Errastirentzat, ostera, ikastolara langile moduan itzultzea oso esperientzia esanguratsua izan da eta pozez azaldu du Ikastolara itzultzeak bertako “bilakaera eta aldaketa” lehen eskutik ikusteko zein bizitzeko aukera eman diola.
“Eskolak ematea lanaren erdia da; horrez gain, badaude egin beharreko beste hamaika gauza ere. Lan handia egin behar da”, horrela hitz egin du Espinak Ikastolan lan egitearen inguruan. Canalesek, berriz, uste du esperientzia oso aberasgarria dela ikasle zela lagundu zuten irakasle berdinek, orain, irakaskuntzarako trebatzen laguntzea.