LOMLOE legea baloratzeko orduan, lehenik eta behin kontuan izan behar dugu lege hau organikoa dela, eta horrek esan nahi du haren artikuluen zati bat (azken xedapenetako bost eta zazpigarren puntuetan aipatutako artikulu guztiak) organikoak edo oinarrizkoak direla. Hau da, autonomia-erkidegoek transferituta dituzten ahalmenak alde batera utzita, artikulu horiek nahitaez bete beharrekoak direla. LOMLOE eta LOMCE aztertuta, egiaztatzen dugu aspektu honetan bi legeen artean ez dagoela alde handirik eta LOMLOEren izaera zentralista beste behin agerian geratzen dela, Espainiako Estatuari gordetzen dizkiolarik hezkuntza-sistema bat eratzeko elementu garrantzitsuenak.
Marko honetan, berriz ere agerian geratzen dira kalitatezko hezkuntza sistema propioa, berritzailea eta bidezkoa eraikitzeko aukerara urriak eta eragozpenak.
Aurrerapauso batzuk atzeman daitezkeen arren (Hizkuntza propioa duten erkidegoetan beraien eskuetan gelditzen da curriculumaren %55aren zehaztapena, LOMCE legearen ebaluazio probak desagertu egiten dira, nazioarteko kooperazio nahiz lurralde arteko kooperazio proiektuak garatzeko aukerak irekitzen ditu...), kritikoak gara Ikastolak lege berriarekin hainbat puntutan.
- Selektibitateari ezaugarri berberekin eusten zaio.
- Hezkuntza formala eta ez formala bereizten ditu.
- Ebaluazio arloari buruz ez da aipamen zehatzik egiten.
Ikastolok Administrazioaren ereduaren aurka jaio ginen; ez da gaurko egoera, baina garaia da denon artean etorkizuneko gizartea marraztu eta gure Hezkuntza Sistema helburu horiei begira jartzeko. Administrazioak berak bakarrik ezingo du, ezta gizarte eragileek bakarrik ere; elkarlana ezinbestekoa da, alde bakoitzari bere protagonismoa eta garrantzia emanez. Eratu dezagun denok elkarrekin hezkuntza sistema aberasteko moduko eredu bat, non komunitate osoaren parte-hartzea izango den ikastetxeen ardatz nagusia.
Beraz, LOMLOE ere, ez da gure eredua, ezta azken 35 urteetan Hezkuntza lege organiko ugari aldatu eta ezarri digun hezkuntza testuingurua ere, lege guztiek euskal herritarrok behar eta nahi dugun hezkuntza sistema mugatu eta baldintzatu baitute. Euskal Herrian, hezkuntza espainiar eta frantziar estatuen esku egon da, eta dago, eta beraien behar eta nahien arabera garatu dute.
Erantzun eraikitzaileak, hezkidetzari begirakoak, inklusiboak eta eraginkorrak behar ditugu, eta horien oinarrian berariazko hezkuntza marko normatiboa; marko honen ardatza Euskal Hezkuntza Legea izango da.
*Dokumentu osoa atxikian