Gaur egungo hezkuntza sistemak bigarren mailan utzi duen Arte Hezkuntza atalaren aldeko apustu garrantzitsu eta argia egin du Armentia Ikastolak, etapa bakoitzeko Kurrikulumean espazio eta tarteak eskainiz, irakasleei formazioa eta baliabideak emanez eta ikasleei arte adierazpen hauetaz gozatzeko aukera hurbilduz.
Hala, LHn eta DBHn hizkuntza ezberdinetan egindako antzerkien ikustaldiak eta udaletxeak antolaturiko musika entzunaldiak disfrutatzeko aukera izaten dute ikasleek. Gasteizen dauden museoetan lanketak egiteko aukera ere baliatzen da eta Batxilergoan (COVID-19aren eraginez sortutako egoeragatik oraindik lortu ez den arren) Madril bisitatzeko aukera izango dute, bertan arte adierazpen ezberdinak ezagutu, bizi eta disfrutatzeko. Eta honela, urteetan zehar egindako ibilbideari bukaera ezin hobea emateko.
Mundua ulertu eta begiratzeko modua aldatzen
Ane Muñoak Arte Hezkuntzak Armentia Ikastolan izan duen esperientziaz hitz egitean, ikasle askoren kasuan mundua ulertu eta begiratzeko modua aldatu dela dio. “Ikasleak libreago, lasaiago eta sortzaile sentitzen dira” gehitzen du irakasleak. Proposamenak egiteko gogoarekin sentitzen dituzte ikasleak. Mundua ulertu eta begiratzeko beste modu bat eskura eman zaiela ikusten du.
“Hasierako saioetan kosta egiten zaie parte hartzea, euren sentimendu eta emozioak plazaratzea, baina ikasturteak aurrera egin ahala gero eta erosoago daude, asko irekitzen dira eta denbora enteratzerako pasatzen zaie eta gogoz egiten dute lan” azaltzen du Muñoak.
Hezkuntza sistemak gizakia osotasunean hezi behar du
Hezkuntza sistemari buruz hitz egitean, oinarrira doa Muñoa irakaslea: “Hezkuntza sisteman arte hezkuntzak duen leku eskasia gizartean arlo honek betetzen duen paperaren isla baino ez da”. Baina sentitzen duguna kanporatzeko arte adierazpenetara jo ohi dugu bizitzen ari garena adierazteko, besteekin partekatzeko, denok biltzeko... emozioak partekatzean lasaitu, talde baten parte sentitu edo entretenitzen gaituelako. Horregatik dio Ane Muñoak, Hezkuntza sistemak gizakia osotasunean heztea berebizikoa dela. “Beste ikasle eta jendarte mota bat behar da: pertsona sortzaileak, zoriontsuak eta kritikoak; Arte Hezkuntza horretarako ezinbesteko esparrua da”.
Barruan dutena adierazteko bidea
Hezkuntzan eman den aldaketa metodologikoak ikaslea jartzen du prozesu guztiaren zentroan. Ikaslea da ekintzailea eta irakaslea ondoan dago, bide lagun. Ikasleen garapen integrala landu nahi horretan, arte hezkuntza osatzen duten arloen ikasketak ez ditu ikasleak soilik arte adierazpen horietan trebatzen, errealitatea beste ikuspuntu batetik ulertzen laguntzen die. Sormena lantzeko espazioak eskainiz eta adierazpen modu ezberdinak baliatuz, barruan daukaten hori adierazteko tartea eskaintzen zaie ikasleei. Beste arlo batzuetan aurkitzen ez duten adierazteko modu bat eskaintzen zaie. “Nola sentitzen naiz? Zer daukat nik esateko? Zein mezu eta nola bidali nahi dut?” galdera horiei erantzun eta proiektu kreatiboak sortzeko gai bilakatzen ditu.
Gaur egun sentimendu eta emozioak aintzat hartzen hasiak dira, gizarteak geroz eta arreta eta garrantzia gehiago ematen die eta gero eta agerikoak dira askotan hauek kudeatzeko pertsonok ditugun gabeziak. Arte Hezkuntzan sentimenduak, sentsazioak eta emozioak dira elementu nagusiak. Gainera, gehienetan taldeka egiten da lan eta hor, enpatia, tolerantzia eta ikasleen ikuspuntu kritikoaren lanketan aurrerapausoak ematen dira.
Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arte ikasleen gaitasun artistikoa garatzen
Betidanik Arte Hezkuntzaren barruan egon diren arloen bilakaera oso ezberdina izan da Armentia Ikastolan eta metodologia aldaketa egin zenean ere, arlo hauek euren kabuz metodologia berrira moldatu ziren.
Haur hezkuntzan aurten hasi berriak dira sentimenduen lanketa bat garatzen eta LHtik Batxilergora, musika, plastikako, ikusizko eta ikus-entzunezko hezkuntza, dramatizazioa, antzerkigintza eta dantza eskaintzen dira ikaslearen ibilbide osoan adinaren eta mailaren arabera lanketa bat ala beste proposatuz.
Etapa eta maila ezberdinetan diziplina desberdinak lantzen dira. Askotan diziplina arteko proiektuak eraikitzen dira irakasleen ezinbesteko koordinazioa baliatuz eta ikasleek bakarka zein taldeka erantzuten diete proposatutako erronka hauei.
Orain dela 3 ikasturte, Armentia Ikastolan Batxilergoa ezarri zenean, lehenengo urtean “ohiko” hautazkoak eskaini ziren eta hainbat ikaslerengan urduritasun eta itolarri handia sumatu zela nabarmendu du Ane Muñoak. Hori dela eta, beste hautazko batzuen beharra ikusi eta aztertu zen eta hasita zeuden hainbat proiekturen segida izan zitekeena diseinatzen hasi ziren.
Arte Hezkuntza batxilergoan ezartzeak aukera eman zuen DBHn ere hautazkoen adarra Antzerkigintzarekin indartzeko eta LHko Dramatizazioa indartu egin zen, Antzerkigintzaren aurreko ibilbidea baitzen. Haur Hezkuntzan hasi eta Batxilergora arte ikasleen gaitasun artistikoa garatzen duen proiektua dugu gure ikastolan. Diziplina ezberdinak landuz, inguratzen gaituen errealitatea ulertzen, interpretatzen eta bertan esku hartzen zein eragiten laguntzen du. Ikastola sormenerako espazioa den heinean, adierazpen artistiko desberdinek dute lekua proiektu honetan.
Azken hausnarketatxo bat
Ane Muñoaren azken hausnarketa batekin amaitu nahi dugu: “umetatik, ikasleei artea maitatzen irakasten bazaie eta arte adierazpenen garrantzia helarazten bazaie, gizartean arteek duten garrantzia nabarmenduko da eta pertsonon garapen osoan hauek betetzen duten garrantziaz jabetuz, Grezia zaharrean bezala, hezkuntza lege berriek leku nabarmenago bat emango die hain garrantzitsuak diren arlo hauei”.